XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...), ez daukagu bururapen txikienik ere sortzerik.

Baina ahalmen eta printzipio naturalen ezjakintza hau eta guzti ere, beti suposatzen dugu kualitate sentigarri berdinak ikustean, ahalmen ezkutu berberak dituztela, esperimentatu ditugun antzeko efektuek segituko dietela espero dugu.

Aurretik jandako ogiaren antzeko kolore eta sendotasuneko gorputz bat azalduko baligute, ez genuke esperimentua berregiteko koskarik izango, eta segurki antzeko elikua eta euskarria somatuko genioke.

Baina jakin nahi nuke nik gogoaren edo pentsamenaren prozesu honen oinarria zein den.

Denek onartzen dute kualitate sentigarrien eta ahalmen ezkutuen artean ez dagoela lotura jakinik, eta beraz, gogoari ez zaiola lotura etengabe eta erregular horri buruzko ondorioa aterarazten, horren izaeraz jakin dezakenetik.

Iragan esperientziari buruz, objektu doi-doi haiexen eta bere ezagutzaldi doi-doi hartakoen informazio zuzena eta ziurra bakarrik eman dezakeela onar daiteke.

Baina esperientzia honek zergatik hedatu behar du geroko uneetara eta objektu batzuetara, hauek, dakigunetik, itxuraz bakarrik antzekoak izatea litekeelarik?: horra ekin nahi niokeen auzi nagusia.

Arestian jan dudan, elikatu nauen ogia, hots, halako kualitatedun gorputz bat, une hartan halako ahalmen ezkutuz horniturik zegoen.

Baina atera al daiteke hortik beste ogi-zati ezberdin batek ere elika nazakeela beste une batean, eta kualitate sentigarri berdinek beti behar dutela ahalmen ezkutu berdinekin batuta egon?

Ondorio horrek inondik ere ez dirudi nahitaezko.

Gutxienez aitortu beharko da hemen gogoak lortutako ondorio bat dagoela, urrats bat eman dela, pentsamen-prozesu bat, eta azaldu beharreko inferentzia bat.

Hurren bi proposamenok berdinak izatetik urrun daude: halako objektuari beti halako efektua egokitu zaiola aurkitu dut, eta: itxuraz antzekoak diren beste objektu batzuei antzeko objektuak egokituko zaizkiela aurrikusten dut.

Onartuko dut, nahi bada, proposamen bata zuzen inferi daitekeela bestetik.

Badakit, egitez, beti inferitzen dela.